XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Izan ere, zikloergometroan intentsitate altuko eta 6 s-ko 10 ariketaldi egiterakoan, eta baita 6 s-ko 5 ariketaldi egin ondoren burututako intentsitate altuko eta 10 s-ko ariketa bakarra egiterakoan ere, lan eskakizunak gehigarria irentsi ondoren hobeto mantentzen zirela iragarri da (Balsom eta lank. 1993a; Balsom eta lank. 1995; Soderlund eta lank. 1994).

Kreatinaren gehigarriak eragindako antzeko efektuak min 1eko errekuperazioak tartekatuz burututako 30 belaun luzapen isozinetiko maximoak egiterakoan (Greenhaff eta lank. 1993), eta zikloergometroan, 4 min-ko errekuperazio tarte batekin burututako 30 s-ko 2 ariketa maximo egiterakoan (Greenhaff eta lank. 1994b) ikusi dira.

Ariketa-protokolo berbera erabiliaz, Casey eta lankideek (1996) klub mailako kirolariek beraien lan ekoizpen maximoa eta osoa % 4 hobetu zezaketela erakutsi zuten duela gutxi, eta hobekuntza hauek gihar-Kr osoaren igoerarekin positiboki erlazionatuta zeuden (Casey eta lank. 1996).

Lau egunetan zehar 35 g.egun-1 Kr irentsi ondoren, zikloergometroan eta 6 min-ko errekuperazioak tartekatuz 30 s-ko 3 ariketa burutu zituzten lagunek % 14 hobetu zuten batez beste (Havenetidis eta lank. 1995).

Emaitza hauek eta antzeko batzuk (Earnest eta lank. 1997; Johnson eta lank. 1997; Volek eta lank. 1996; Ziegenfuss eta lank. 1998) kontuan izanik, Kr-ren gehigarria intentsitate altuko eta iraupen motzeko ariketa errepikatuak egiten dituzten entrenatuta ez dauden edo arinki entrenatuta dauden lagunentzat laguntza ergogenikoa dela ondoriozta daiteke.

Efektu ergogeniko hau ariketa aurreko gihar-Kr eta PKr-ren kontzentrazio altuago baten bidez eta ADPren birfosforilazio-maila areagotu baten bidez lortzen da ziurraski (Greenhaff eta lank. 1994a; Greenhaff eta lank. 1994b; Harris eta lank. 1992; Soderlund eta lank. 1994).

Dena dela, emaitza kontrajarriak ere iragarri dira.